Otsailak 14
Aurkezpena Arco ´03-n
Manifesta 5era bidean, Donostian
Manifesta, Arte Garaikidearen Europako Bienala, Berlingo
harresia bota ondorengo erabateko aldaketa politikoen eta
kulturalen erantzun gisa sortu zen. Hauxe zen bere xedea,
Europako herrialdeetan artearen eta erakusketen eremuetan
antzematen zen desoreka ezabatzea. Iparraldearen eta Hegoaldearen,
Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko elkarrizketa ezartzeak
aukera eman zion Manifestari funtsezko gaiak arintasun eta
elkartasun handiagoaz lantzeko, komisarioen, artisten eta
publikoaren artean lankidetza eta ikerketa sustatuz. Prozesu
hark Gerra Hotzaren aurreko mugak pixkanaka baina etengabe
ahultzea ekarri zuen berekin artearen munduan.
Manifestak egitura nomada bereganatu zuen nahita, hain zuzen
ere bi urtero proiektu honi harrera egingo dion Europako hiri
desberdin bat aukeratzea adierazten duena (Rotterdam, 1996;
Luxemburg 1998; Ljubljana 2000; Frankfurt 2002, Donostia 2004).
Era berean, lankidetzazko jarrera irmo bat sendotu zuen, horren
erakusgarri argiena erakusketa bakoitzaren komisario-taldeari
eskatzen zaion baterako lana izanik. Manifestak barruko nahiz
kanpoko egoera konplexuetan lan egiteko exijitzen die komisarioei
eta aldi berean praktika artistikoak integratzeko eta praktika
horiek existitzen den testuinguru soziopolitikoarekin lotzeko
eskatzen die. Izan ere, beren ahalegin guztiak lehen aipatutako
partaidetza eta lankidetzazko printzipioetan oinarritzea espero
da komisarioengan, aholku sinplistetan erori gabe. Manifesta
gertaera iraunkor gisa eratu izanak jendeak proiektu honi
buruz jarriak dituen itxaropenak handiagoak izatea ekarri
du berekin.
Manifestak eta bere komisario-taldeak partaidetza aktiboa
lortu nahi dute arte garaikidearen munduan, betiere oraindik
kontsolidatuta ez dauden artista, komisario eta idazleentzat
aukerak sortuz. Era berean, Manifestak merezi duten arreta
tradizioz jaso ez duten Europako eremuetan garatutako kontzeptu
artistikoetan jartzen du arreta. Manifestaren iritziz artea
bere garaiari dagokio eta gure garaiko arazo handiak aztertzetik
artean lan egiteko modu eta joera berriak sortuko dira. Hori
gorabehera, ziurtatu beharrean gaude Manifestak "bitarteko
gune" gisa iraungo duela bizirik, maila geografikoan
ez ezik maila instituzional, politiko, artistiko eta komertzialean
ere.
Horregatik guztiagatik gaude ARCO 2003n, Manifesta 5en Biurtekoaren
hasieran. Jarrera irekia eta dinamikoa da gurea. Hala, gure
oinarrizko printzipioetako batzuk berrikusi behar ditugu atzera,
eta lanerako estrategiak aldatzeko eta Manifestaren barruko
nahiz kanpoko proiektu eta eremu desberdinen artean lotura
berriak sortzeko dugun ahalmenari buruz gure buruari galdetu,
Manifesta plataforma soziokultural eta publiko zabalagoetan
sartzeko aukerari buruz gogoeta egiteaz gain.
Zentzu horretan, Manifesta Nazioarteko Fundazioarentzat (MNF)
pozgarria da Euskal Herrian, Espainian kokatuta dagoen Donostia
hiria 2002-2004 aldirako Manifesta 5en anfitrioi gisa aukeratu
izana. Hiria 2002ko udan aukeratu zuten Manifesta 5i harrera
egiteko, hiriak bizi duen egoera soziopolitiko dinamikoa eta
bertako azpiegitura kultural eta instituzional sortu berria
kontuan hartuta.
Era berean, poz handia izan da guretzat Massimiliano Gioni
(Milán), Marta Kuzma (Londres, Kiev) eta Paula Toppila
(Helsinki) komisarioen taldeko kide izendatu dituztela jakitea.
Azken momentuan eta MNFren gogoz bestera Helsinkiko (Finlandia)
Paula Toppilak, komisarioen taldeko kide izateko aukeratuak,
proiektua uztea erabaki du 2002ko azaroan izendatu zuten unean
iragarri ezin ziren arrazoi pertsonalak direla-eta.
Manifesta Nazioarteko Fundazioaren (MNF) Batzordeak proiektua
2004an burutu arte parte hartzen jarraitzera gonbidatu ditu
Massimiliano Gioni eta Marta Kuzma.
Ondorioz, MNFren Batzordeak bere esker ona erakutsi nahi du
jendaurrean bi boluntarioek erantzukizun gehigarri hori beren
gain hartzeko erakutsi duten borondate argiagatik.
Etorkizunari dagokionez estrategia berriak behar dira artean
eta erakusketetan gaur egun antzematen diren joerak Manifestak
eskainitako egitura-ereduaren barruan kokatzeari eta gure
oraingo lan-estrategietan beharrezkoak izan daitezkeen aldaketei
buruzko eztabaida eta gogoeta pizteko.
Manifestako komisarioek ahaleginak egin behar dituzte Manifestaren
eta beste bienal edo antzeko gertaeren artean erabat bereizten.
Manifestak ikuspegi eta eredu berriak eskaini beharko lituzke,
hain zuzen ere artearen hedapenaren eta erakusketaren eremu
desberdinetan bitartekari gisa jardungo luketenak. Era berean,
gogor lan egin beharko luke tokiko lankideekin lan-harreman
estuak garatzearren.
Manifesta Nazioarteko Fundazioaren Sareko Programak aurrerapen
alternatibo bat adierazten du fronte desberdinetan. Datozen
hiru urteotan eta Fundazioak abiarazitako eta kanpoko sei
bazkiderekin batera sortutako programa batzuen bidez gure
asmoa hauxe litzateke, Manifestaren lanaren testuingurua berriro
definitzea oso bestelakoak diren eremuetan hirugarrenekin
lankidetzazko plataforma gehigarriak ezartzeko eta publiko
zabalago batekin harreman sendoagoak garatzeko. Artxiboa bitartekaritzarako
garrantzizko tresna izan daiteke, hirugarrenen partaidetza
aktiboa mantentzea eta partaidetza horren diseinuan nolabaiteko
papera izatea ahalbidetuko digulako.
Manifesta Nazioarteko Fundazioa aurre egiten ari zaion desafioetako
bat hauxe da, gure informazio-iturriak, gero eta handiagoak,
biurteko erakusketaren web-plataforma bihurtzea, ezagutzaren
biltegi gisa eta komisarioen eta gainerako profesionalen lanerako
pizgarri gisa balioko duena. Zentzu horretan, sareko artxiboa
baliagarria izango litzateke informazioaren hedapen handiagoa
lortzeko eta komisario/bitartekarien eta publiko orokorraren
partaidetza aktiboa sustatzeko. Ikuspegi berritzaile horrek
ekarriko baitu berekin gure lan-metodologiaren aldaketa, bienala
egitura libreagoa duen Europako gune batean iraunarazten laguntzeaz
gain.
Manifesta Nazioarteko Fundazioa 1994az geroztik Arte Garaikidearen
Europako Bienalaren eta Fundazioaren Sareko Programa Berriaren
sustapenaz eta koordinazioaz arduratzen da.
|