Maiatzak 7
Egoitza: Donostia
Donostiak egingo dio harrera Manifestaren 5. edizioari
International Foundation Manifesta-k (IFM) atseginez jakinarazten
du Euskal Herriko Donostia hiria 2004an Manifestaren 5. edizioari
harrera egiteko ofizialki aukeratu dutela. Sinaduraren ekitaldi
ofiziala 2002ko maiatzaren 7an izango da, Kursaaleko Auditorioan,
Donostian.
Datozen bi urteetan Manifesta 5 Donostian garatzeko IFMrekin
elkarlanean arituko diren alde ofizialak Donostiako Udala,
Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza dira.
Manifesta, Arte Garaikidearen Europako Bienala, erakusketa
ibiltaria da, Europako herrialde desberdinetako artisten eta
publikoaren arteko elkarrizketa bultzatzea helburutzat duena.
Manifestak bi urtean behin aldatzen du bere kokalekua eta
plataforma bat eskaintzen du ingurune desberdinetako artista
gazteentzat. Edizio bakoitzak eremu sozial, politiko, ekonomiko
eta kulturalaren egoera zehatzei eta aldakorrei erantzuteko
aukera eskaintzen du. Aldi berean, nazioarteko komisario gazteei,
bertako eta kanpoko produkzio taldeekin lankidetzan aritzen
direnei alegia, lan egiteko eta publikoarekin komunikatzeko
metodoekin esperimentatzeko aukera eskaintzen die. Ibiltaria
denez, Manifestak beti aztertu behar izaten ditu errealitate
berriak, eta beti ezarri behar izaten ditu kide berriekin
elkarrizketak. Bienal hau sare ireki bat da eta Europa osoko
artisten eta profesionalen arteko lankidetzak eta komunikazioak
duten garrantzia azpimarratzen du bereziki.
Azken sei urteotan, bienal ibiltari hau bere sorlekutik beste
leku batzuetara aldatu da, alegia Rotterdametik (1996), Luxenburgora
(1998), Ljubljanara (2000) eta, aurten, Frankfurt am Main-era;
izan ere, hiri horretan emango zaio hasiera laugarren erakusketa
bienalari maiatzaren 24an. Bere bizitza laburrean, Manifestak
publiko berri bati aurkeztu dio Europa osoko praktika artistiko
garaikidea, eta 200 artistari eta 15 kontserbatzaileri baino
gehiagori instituzio eta pertsona anitzekin lankidetzan aritzeko
aukera eskaini die, esperimentazio eta elkarrekiko errespetuzko
giroan.
Donostia bertako egoera sozio-politiko biziagatik eta maila
guztietan gero eta azpiegitura kultural eta instituzional
sendoagoa izateagatik aukeratu dute. Datorren urteotarako
hiriak duen helburuetako bat hauxe da, arte plastikoei eta
interpretazio arteei laguntza handiagoa eskaintzea, aspalditik
musikarekin (bereziki jazzarekin) hartua duen konpromisora
egokitu nahian, baita bertan ospatzen den Nazioarteko Zinemaldiari
ere, aurten 50. urte bete dituenean. Donostia identitate sakona
eta alienazio sozialaren alternatiba gisa politika kultural
koherenteak garatzeko jarrera tinkoa duen eskualde batean
dago. Hiriko eta Euskal Herriko garrantzizko alde guztiek
adierazi dute Manifesta 5 bienalari laguntzeko prest daudela,
gizarte ireki batean eta parekatutako balore demokratikoetan
duten sinesmena sendotuz. Bere aldetik, IFM harrituta geratu
da komunitatearen maila guztietatik jaso duen laguntza handiarekin
baita eskualdeak duen bizitasun handiarekin ere, hiri garrantzitsuak
barne hartzen dituena, alegia Bilbo eta Gasteiz, Euskal Herriko
hiriburua. Donostia Europako hegoaldean egotea garrantzi handiko
faktorea da IFMk planteatu duen helburu estrategikoa lortzeko,
estaldura geografiko orekatua eta epe luzerakoa lortzekoa,
eta betiere bere jardueraren alderdi guztiak kontuan hartuta
(kokapena, zuzendaritza batzordea, komisarioen taldeak eta
ordezkaritza artistikoa).
Ekonomiari eta antolamenduari dagokienez nolabaiteko egonkortasuna
lortu duela ikusita, International Foundation Manifesta-k
bere oraingo eginkizuna betetzeko modu berriak landuko ditu,
sare ireki baten muina eta ideia eta lotura artistiko berriak
probatzeko plataforma den aldetik. Elkarrekintzan eta diziplina
arteko ikerketan erakutsi duen interes estrategikoaren ondorioz,
bi urteko erakusketen oinarrizko programarekin lotura estua
duten ekimenak sortu dira, ondokoak barne direla: hausnarketa
kritikoei buruz laster argitaratuko den liburua, seihilabetekari
bat kaleratzea, artxibo digital bat sortzea eta profesional
gazteentzako iraupen luzea izango duten nazioarteko eztabaidarako
foro eta tailer batzuk inauguratzea. Ideia horiekin eta beste
batzuekin, IFMk oinarri sendo bat sortu nahi du, bere egitura
iraunkorrari dagozkion alderdi sendoetatik abiatuta, jakin
baitaki aldaketa-prozesu integrala antolatuz eta kontrolatuz
bakarrik iraun dezakeela.
International Foundation Manifesta-ren eta zuzendaritza batzordeko
kideen izenean:
Henry Meyric Hughes (Lehendakaria), Francesco Bonami, Chris
Dercon, Martin Fritz, Maaretta Jaukkuri, Kasper König,
Vicente Todoli, Vasif Kortun, Hans-Ulrich Obrist, Barbara
Vanderlinden eta Igor Zabel.
International Foundation Manifestak Europako Batzordearen
2000ko Kultur Programaren dirulaguntza jaso du.
Total Identity, Amsterdamen (Holanda) egoitza duena, IFMren
Web eta diseinu grafikoko jarduera guztiak babesten ari da.
European Biennial of Contemporary Art
PO Box 71222 o Nl. - 1008 DE Amsterdam o Telefonoa 31 20 6721435
o Fax 31 20 4700073
secretariat@manifesta.org
www.manifesta.org
Merkataritza Ganbara 411 58120 o ABN/AMOR 57 03 65 902
|