Manifestari buruz
guneak
artistak
the Berlage
institute
prentsa
nola iritsi
 
prentsa oharrak
Manifesta 5
komunikabideetan
buletina

Manifestarekin harremanetan jartzeko
egin klik hemen

argazkiak deskargatu
< atzera | hasiera  
prentsa
prentsa oharrak
 

2004-Ekaina
ILUNTASUN MENDERAEZINA
Massimiliano Gioni
Manifesta 5eko katalogoko testuaren laburpena

Gehiegi eskatu dugu beharbada: arteak seguruenez interaktiboak diren arraza gatazkei, geografia periferikoei, ekonomia globalari eta praktika sozialei buruz dena azal diezagun nahi dugu. Edo, osterantzean, arteak modaren mekanismoak, pop kulturaren gorabeherak, kontsumismoaren haluzinazioak, sare elektronikoen kiribilak eta hipermodernotasun korporatiboaren jarioak eta birjarioak argi diezazkigula espero dugu. Eroaldi horren erdian, beharbada ahaztu egin zaigu ate itxien atzean zer gertatzen den, adimena deitzen dugun espazio ilun horretan zer jazotzen den. Garuna labirinto bat da, batzuetan hor kanpoan dagoen mundua baino bihurgunetsuagoa. Gure adimena errealitatearekin lotzen duten zirkuituak konplexuak dira, etenak zenbaitetan, korapilatsuak beti. Izan ere, beharbada arteak ez du gure mundua ulertzen edo islatzen ahalegindu behar, baizik eta litezkeen unibertso berriak sortu behar ditu.

Manifestako edizio honetan, artista gehienen lanek mundua aurkitzea proposatzen digute, begiak itxiz eta gure atentzioa barrurantz edo ondoko ingurunerantz biratuz. Ez da atzera egite bat, ezta ihesbide bat ere, baizik eta arau banakoetan, eldarniozkoetan ere batzuetan, oinarritutako mikrokosmos konstelazio batean murgiltzea.
Mugak, lurraldeak eta okupazioak lortzeko, eztabaidak, solasaldiak eta borrokak, batzuk bestearen atzetik datozen neurrian, badirudi artista batzuek beren egoera -adimen egoera bat- aldarrikatzeko premia larria sentitzen dutela, banako burujabeak diren aldetik. Lege korapilatsuak idazten dituzte eta beren sinesmen sistema pribatuak aldarrikatu, adimen paisaia intimoak marraztu, geografia psikologikoen mugak zedarriztatzen dituzte, dialekto pertsonalak eta kode sekretuak asmatzen dituzten bitartean. Beren hizkuntzek anbiguotasun erradikaletik ateratzen dute indarra: bat-batean, badirudi ez zaiela nazioarteko esperanto antzeko bat sortzerik axola. Bakoitzak bere herri hizkuntzan hitz egiten du, eta zeinu kriptikoak bere egin eta sortzen ditu. Jada ez da garrantzitsua berehalakoan itzulgarria izatea edo guztiz gardena izatea. Aitzitik, opakotasuna balio erantsia da: metafora anbiguoak ugaltzen dira; sinbolismo idiosinkratikoek gaizkiulertuak eta logikaren zirkuitulaburrak sortzen dituzte. Batzuek beren atentzioa pentsamendu mistikorantz ere bideratzen dute. Gogora ekartzea identifikatzea baino garrantzitsuagoa da: nahiago izaten dira iradokizunak definizioak baino.

Hizkuntza egun artista askorentzat ardura errepikari bat da. Hizkuntza aniztasuna sarritan bere hedadurarik zabalenean hartzen da, zeharo ezberdinak diren hizkuntzak hitz eginez bakoitzak, errealitate paraleloak sortuz. Asmamen ariketa sendoak zertuz, tours de force haluzinatzaileetan murgildurik, mundu osoa eta berori deskribatzeko darabilzkigun hizkuntzak berrasmatu daitezkeela da artistek iradokitzen dutena. Balizko mikro unibertso hauek ez dira horizontalki garatzen, ezta naturaren arauak jarraituz ere, sakontasunean hazten dira.

Bada eszenatoki etxetiarragoetatik hasi nahi duen artistarik, bidaia sentimental baten ibilbidea marraztuz edo besaulkitik mugitu gabe, bidaia urrun eta luzeetarako baldintzak prestatuz. Eskultura eta Instalazioek -itxarongela edo auzo industrialak diruditelarik -artegilearen irudimenaren proiekzio zuzen bezala jokatzen dute, eraikinen formetan autoerretratuak balira bezala. Ikonografia pribatu, sarritan misteriotsua, sortzen da: formak errepikatu egiten dira, mugarik gabe eraldatu eta berkonposatu, beren lekuak trukatu egiten dira eta harremanak sotilki aldatu, gramatika bateko osagai errepikariak bezala. Beste lan batzuk, maketak, mapak, dioramak eta eszenatokiak, inoiz heldu ez den etorkizuneko erlikia bilakatzen dira. Fikziozko herrialdeak, isilpeko elkarteak eta gizarte ezezagunak azaleratzen dira: paranoia geografiaz jabetzen da eta azpijokorako teoria bilakatzen du.

Artista askoren lanetan errealitatearekiko jarrera eszeptikoa antzematen da. Zalantzak loratzen dira, teoremak arbitrarioki aplikatzen dira eta espekulazio zentzugabeak zehaztasun klinikoz burutzen dira.: ametsen zientzia asmatu egin da. Artista batzuk gure sinesgaiztasuna zintzilikatuz baino eutsi ezin den ordena xelebre eta abstraktuan fidatzen direla dirudien bitartean, beste batzuek beren saioak saiakera eta hutsegitearen printzipioan oinarritzen dituzte. Zientziaren interpretazio askoz ere fisikoagoa da, baina etekinak besteak bezain logika gabeak eta anti-praktikoak dira: hutsean dabiltzan makina bakarti bitxi, erraldoiak, edo edozein ohitura irauli dezaketen interbentzio hauskorrak. Objektuek forma eta funtzioa aldatzen dute eta edozer bilakatzen da posible, norbere arauak asmatu eta konbinaketa berriak probatu daitezkeen neurrian.

Zeure arauak asmatzeak ez du esan nahi errealitatetik erabat urrunduko zarenik edo guztiz solipsista den ilusiozko mundu batean biziko zarenik. Artista askok pentsatzen jarraitzen dute artea, errealitatearentzat egon litezkeen aukerak esperimenta daitezken proba-eremu bat dela. Eraldaketa horiek, ordea, eskala handian aplikatu aurretik, talde txikietan probatu behar dira. Behar kolektiboen eta nahi propioen arteko gunea negoziatzeko ahaleginetan, artistek mikrogizarteak irudikatzen dituzte, non gizabanakoek goi-gorputz baten organismoen antzera jokatzen duten, harreman parasitarioak edo funtzio sinbiotikoagoak ezarriz. Azpikultura ezberdinek erabilitako kode sekretuek eta hizkera pribatuek ikusgai dauden lan askoren epizentroa dirudite. Batzuetan sistematikoki, beste batzuetan arintasun gehiagoz, artistek kulturak, gizarteak eta elkarteak nola dauden eraikita eta zein ikurren inguruan dabiltzan ikertzen dute.

Herri kontzientzia eratzen duten sinesmenen sistema konplexua Manifestako edizio honetan artista askok darabilte. Ez da horrenbestean liluratze geopolitikoa mota honetako ikerketa bideratzen duena: hurbilketa psikologiko edo antropologikoagoa da, izate zentzu hau nola eraikitzen den eta zein erreferentzia eta oinarritan mantentzen den ulertzera zuzentzen gaituena. Ez dira herrialdeen agerpen fisikoak, baizik eta beraien irudi mentalak, barneratutako balioak, gure kredoak eratzen dituztenak.

Geografia obsesio bihurtu da eta bere buruari inposatzen zaio, mundua eta gaur egungo artea deskribatzeko erabilitako paradigma bakarraren antzera. Eta hala ere, horren lanpetuta genbiltzan mugei, trantsizio globalei eta kuota nazionalei buruz eztabaidan, ez ginela konturatu ere egin artista asko eta asko beste aldera begira zeudela eta bidaia bati ekin ziotela denboraren kiribiletan barrena. Historia astiro filtratuz joan da, hondakinak eta zaborrak beren itzala proiektatu dute artista ugariren lanetan; tokiko tradizioa eta oroitzapen pertsonalen aberastasun estratifikatu eta korapilatsua, irudien eta inspirazioen biltegi bihurtu da. Ez dago ezaugarri erreakzionario edo kontserbadorerik jarrera horretan, bereziki iraganak ez duelako jada heroikoa edo monumentala ematen, azken batean, agortuta eta hondatuta baitago. Inor ez da bere jatorri propioen konkista garaipenaz kezkatzen: aldiz, galera eta irrika oinarri dituen sentimendu bat jariatzen da egungo europar artista askoren lanetatik, eguneratu den bare erromantiko baten antzera.

Bideo eta filmetatik bereziki sinbolismo ilun, sugestiboa sortzen da. Geroz eta artista gutxiagok dirudite talka taktika eta aurretiko erasoetan interesatuta, emozio eta izate egoera ukiezinak harrapatzea ezinbestekoa bilakatzen delarik. Agerpen ilun eta mamu-antzekoak lan batzuetan zabaltzen dira, espiritismo saio batetara deitutako mamuak bezala. Halere, konexio digitalak eta informazio teknologiak izan arren, artistek mundua oraindik leku misteriotsu bezala hautematen dute.

Denbora ikerkuntza gune pribilegiatu bihurtu da artista askorentzat. Historiaren ardatz bertikaletik ibiliaz, herri narrazioak eta mito ahaztuak ateratzen dituzte lurpetik, ezagutzaren arkeologia antisistematiko antzeko batean. Sinesmen nazionalak eta narratiba ofizialak zalantzan jarri nahi dituen estrategia bat da, baina, gainera, iraganari forma pertsonala emateko modua ere bada. Horrela, denbora behin eta berriz josi eta listu daitekeen oihal saretua da, denbora guneen estratifikazio geruza askotakoa. Denak batera eta bakoitzak bere eran, artista asko saiatu izan dira artxiboko irudiak eta zinematikoekin, une pausatuekin, irudi eta soinuen tapiza moduan, gizarte inkontzientearen kimerak eta bat-bateko agerpenak proiektatzen dituen linterna magiko bat sortzen.

Ahazten duguna burugogorki gogoratzen duguna bezain garrantzitsua izan ohi da. Oroimenaren lapsusetan, bere haustura eta hutsuneetan, bat-batean, azalera atera daitezkeen gure irudiak eta gure beldurrak gordetzen ditugu beti. Gero eta artista gehiagok adimenaren espazio ezkutuagatik interes berritua adierazten duten honetan, irudiak desagertzen diren toki ilunak ere aurkitzen ari dira, adimenaren zulo beltzak. Amnesia, patologia indibidual gisa eta kulturaren errepresio prozesu infinituen metafora gisa aztertua, Manifestako edizio honetako lan askoren muinean dago.

Artista askorentzat, errealitatea askoz espazio polemikoagoa eta mehatxagarriagoa da, gatazka etnikoek eta kultur istiluek txikitua. Mikrokosmos alternatiboekin saioak egin beharrean, batzuek bere ingurunea dokumentatzeko eta nazioarteko politika eta norbanakoaren psikologia gainjartzen diren lurralde lainotsua deskribatzeko beharra sentitzen dute. Erreportaje mota berezi honek, ikuspegi paraperiodistiko honek, ez du inoiz behin betiko eta goi-egia izatera iritsi nahi. Galderak planteatuz funtzionatzen du eta ez erantzun zuzenak formulatuz; eta askotan, nahiago du aitorpen pertsonalaren euskarria, egile orojakile eta inpartzial motaren baten aurkezpenaren baino. Horregatik, gaur egun artista eta zinema zuzendari askok egindako dokumentalek narrazio zatikatuak eta kontakizun korapilatsuak erabiltzen dituzte, eta aldi berean, garai desberdinak konbinatzen dituzte flashback-en bitartez. Arteak bide konfesionalago bat hartu du, istorio pertsonaletan gehiago oinarrituz. Nahiz eta fenomeno kulturalak eta transformazio sozialak nabarmedu, artisten abiapuntua izaera pertsonalean datza; narratibak poliki nabarmendu eta familiarteko nostalgiaren lanbroatik azaleratzen dira. Sarri askotan oso oinarrizkoak diren bitartekoekin eta kamera dardaratiekin filmatuak, dokumental horiek mundua iragazten dute bakoitzaren begietatik, gatazken traumak errealitatea modu objektiboan, edo behintzat kolektiboan, esperimentatzeko dugun gaitasuna kaltetu balu bezala.

Han kanpoan, benetako munduan, esloganak eta publizitate lemak gero eta zorrotzagoak dira: komunikazioaren eta marken diktadurak esamoldeak eta leloak inposatu ditu. Artista askok errealitatearen pertzepzio hiper-sinplista eta sarritan alde bakarreko horren aurrean erantzun dute. Ingurune eskizofrenikoak okupatu eta beren hizkuntzen konplexutasun eta iluntasun maila handitu dute. Lan hauetan islatzen den moduan, gure adimenaren pasadizoek sartu ezinezko hotsekin, hitz moztuekin, hots espiritualekin erreberberatzen dutela dirudi. Arrazoiaren zotina dira, nahastearen moteltasuna, irtenbiderik ez dagoela gogorarazten digute, arazoak baino ez.

 

 

gora inprimatu bidali
beste laguntzaileak eskerrak kontaktua

 

MANIFESTA 5