Manifestari buruz
guneak
artistak
the Berlage
institute
prentsa
nola iritsi
 
prentsa oharrak
Manifesta 5
komunikabideetan
buletina

Manifestarekin harremanetan jartzeko
egin klik hemen

argazkiak deskargatu
< atzera | hasiera  
prentsa
prentsa oharrak
 

2004-Ekaina
International Foundation Manifestaren xedea


Sarrera

Manifesta, Arte Garaikideko Bienal Europarra, egoitza Amsterdamen (Herbehereak) duen International Foundation Manifestak (IFM) sortu zuen eta gaur egun ere, hark babesten du. IFM-ren helburua artelanak lehiakorra ez den esparru batean aurkezteko aukerak sortzea da, eta ideia eta adierazpide artistiko berrien agerpena sustatzea. Manifestak europar lurralde osoa esploratzen du, bai mentalki, bai geografikoki, eta egoera kultural eta artistiko jakinen eta nazioarteko testuinguru zabalagoaren artean elkarrizketa hurbil bat sortzea du helburu nagusia, arte garaikidearen baitan, beti ere. Xede hori dela medio, Manifestak bizimodu nomada egitea aukeratu du, eta hala, bi urtez behin, Europako hiri edota eskualde desberdin batera eraman ohi du bere jardueragunea (1996 Rotterdam, 1998 Luxenburgo, 2000 Ljubljana, 2002 Frankfurt am Main, 2004 Donostia). Horrela, Manifestak, bere 'know how'-a alde batetik bestera eramanez, etengabe zabaltzen den sarearen kontzeptua gauzatzen du, eginbidean den lanaren emaitza gisa. Manifestaren kontzeptua etengabe aztertzen da Biurtekoa hiri edota eskualde berri batera eramaten den bakoitzean. Eraberritze prozesu horren kanpoko adierazpen gisa, IFM-ren zuzendaritzak eta haren bazkide berriek komisario talde berri bat izendatzen dute Biurteko bakoitzaren hasieran.

International Foundation Manifestak (IFM) Sareko Egitaraua antolatu eta koordinatzen du. Hau, baliabide eta ikerketa egitarau alderdi-anitza da, Manifesta Biurtekoa, Manifestaren Artxiboak eta harekin zerikusia duten argitalpen, eztabaida eta jarduera egitarau zabal bat bere baitan hartzen dituena, betiere arte garaikidea eta hark gizartean duen eginkizuna azpimarratuz.

2003. urtearen hasieran, International Foundation Manifestak Manifesta at Home ireki zuen Amsterdamen (Herbehereak). Manifesta at Home ezagutza base bat da, Manifesta edizioen funtzionamendua publikoaren esku jartzen duena. Horrez gain, bulego honek nazioarteko sarearen erdigune gisa dihardu, datuak jasotzen ditu, eta Biurtekoa hartzen duten hiriei babesa ematen die, era guztietako informazioa eta laguntza teknikoa eskainiz.


Helburuak

Laurogeita hamargarrenen hamarkada hasieran, Manifesta sortzeko arrazoi nagusia, arte bisualen baitako pertsonen arteko harremanen ugaritze nabarmena zela-eta, garai hartan oso beharrezkoa zen egitura bat sortzea izan zen: artista gazteen premia aldakorrei behar bezala erantzungo zien sare bat sortu nahi zen, eta lan berriak modu berrietan, publiko zabal baten aurrean, aurkeztu ahal izateko plataforma bat eratu. Hasieratik bertatik, Manifestak bazekien Europako Ekialdeko artistei beren obrak erakusteko aukera gehiago eta entzuleria zabalago bat eskaini behar zizkiela; baina ideia hori areago joan da, eta Europaren ertzetako Mediterraneoko herrialdeak eta, are gehiago, Europan integratzeko perspektiba eskasak dituztenak -Europako hego-ekialdeko herrialdeak batez ere- hartzera ere iritsi da.

Zehazki esanda, International Foundation Manifesta-k ondorengo helburuak ditu:

Geroz eta gehiago diren artearen profesionalentzako laguntza egitura bat sortu eta mantentzea (nazio mailako parte hartzaile europarrak, hiri hartzaileak, mailegatzaileak, funtzionarioak, komisarioak, tokiko antolatzaileak, museoetako profesionalak eta kolaboratzaileak, eta artistak).
Manifestaren sare europarra sustatzea, harreman pertsonalak bideratu ahal izateko.
Manifestarekin zerikusia duten alderdi guztien arteko informazio trukea sustatzea, hainbat jardueraren bidez, hala nola, erakusketak, liburuak, katalogoak, multimediazko jarduerak, lantegiak, sinposiumak eta hizketaldiak.
Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak modu eraginkorrean erabiltzea, Manifestaren edizio bakoitzean bildutako informazioa eta ezagutza egoki erabiltzen direla egiaztatzeko.
Artearen profesionalek eta, orokorrean, pertsona guztiek, biltzen den informazio eta ezagutzarako sarbide zabala izan dezaten lortzea, Manifestaren jarduerekin lotuta dauden beste langunen bidez; disziplinarteko ekimenak eta ikerketak sustatu eta bultzatzea, sorkuntzaren eremu guztietan, europar arte garaikidearen sorkuntzari dagokionez bereziki; eta, epe luze eta epe ertainean, informazio teknologiara bideratutako informazio baliabideen aldeko zentro pro-aktibo bat abian jartzea.

Diru sarrerak

International Foundation Manifestaren diru sarrerak harrera ematen dioten hiriek emandako dirulaguntzetatik lortzen dira, eta baita Europako Batzordeak urte batzuetarako (2002-2005) eman zuen dirulaguntzatik ere, jadanik hasita eta elkarrekin lotuta dauden zenbait proiekturentzat. Bestalde, urte hauetan beste hainbat dirulaguntza garrantzitsu jaso ditu, merkatuko, instituzioetako eta fundazioetako sustatzaileek emanak, hala nola, Allianz Kultur Stiftung-ek (Alemanian kokatzen dena), dirulaguntza bi aldiz jarraian eman duena, eta Vidi-square komunikabide enpresak (Herbehereak). Hainbat banakako babesleren laguntza ere bilatzen du Manifestak.

Europako, nazioarteko, eta hainbat eskualde eta tokiko iturrik babestu dituzte Manifestaren hurrenez hurrengo edizioak. Horien artean ondorengo hauek daude:

Hiri hartzaileak, nazioko, eskualdeetako eta tokiko laguntza publikoaren bidez.
Europako Erakundeak, hala nola, Europako Batzordea eta Europako Kontseilua.
Alde askotako erakundeak, hala nola, Europako Kultura Erakundea
Nazioko Kultura Ministerioak eta nazioko eta nazioarteko kultura erakundeak.
Fundazioak.
Tokian tokiko Museoak eta Kultura Erakundeak
Merkataritzako babesleak
Sarrera propioak (sarreren eta katalogoen salmentaren bidez)


Manifestaren historia laburra

Manifesta Holandako ekimen batetik sortu zen, arte bisual garaikideentzako plataforma aitzindari eta paneuropar bat eratzeko helburuaz. Manifesta ibiltariaren kontzeptua Rotterdamen gauzatu zen lehenengo aldiz, eginkizun horretarako berariaz izendatutako Nazioko Batzorde batekin eta Batzorde Kontseilari batekin (gaur egungo Nazioarteko Erakundearen aurreko erakundearekin) egindako kontsulta lanaren ondoren, eta 30 nazioko gobernu erakunde artistikoren eta europar Kultura Ministerioen laguntzaz. Lehenengo Manifestaren Nazio Batzordea arduratu zen, 1996an, Manifestaren hasierako egituraren aurrerabide operatibo eta finantzieroaz.

Manifesta 1 Rotterdamen (Herbehereak) egin zen, 16 museotan eta 36 espazio publikotan. Bartzelonako, Budapesteko, Londresko, Moskuko eta Paris/Zurich-eko bost komisario biltzen zituen talde batek 30 herrialde europarretako 72 artista eta Europatik kanpoko bost aukeratu zituen. Bisitarien kopurua, guztira, 35.000 pertsonakoa izan zen Rotterdameko eremuan, eta haietatik 5.000 joan ziren inauguraziora. Inaugurazioan, halaber, 350 kazetari akreditatu eta arte kritikari izan ziren, eta prentsaren erantzuna, nazioko eta nazioarteko komunikabideei dagokionez, oso zabala eta guztiz baikorra izan zen. Manifesta 1-en aurkeztu ziren obra guztiak gertaldi hartarako eginak ziren bereziki; Rotterdamen parte hartu zuten artista haietako askok lehenengo aldiz erakutsi zuten beren obra atzerrian. Artista horietako askok beren obra jendaurrean erakusten jarraitu zuten, Europako eta Estatu Batuetako merkatu galerietan, eta nazioarteko bilera garrantzitsuagoetan ere parte hartzen hasi ziren, hala nola Veneziako Biurtekoan. Erakusketa haren ezaugarri berri bat -Manifestaren ondorengo edizioetako ezaugarri bat ere izan da- artisten, komisarioen, hainbat diziplinatako ordezkarien, eta orokorrean, publikoaren arteko elkarlana bideratzea izan zen. Estreinaldiaren aurreko hilabeteetan, erakusketaz arduratu zen komisario taldeak hainbat 'open' eta 'closed house' antolatu zituzten Europa osoko hamabi bat hiritan, eta profesional asko eta, orokorrean, publiko zabala, gonbidatu zuten haietara.

Manifesta 2 Luxenburgoko hirian ospatu zen, Luxenburgoko Kultura Ministerioaren babesarekin, eta 35 hiritako 47 artista baino gehiagoren obrak aurkeztu zituen; artista horietatik gehienek, erakusketan bertan sortu zituzten beren obrak, Manifesta 2-rentzat bereziki prestatuak. Ekitaldi hartara hiru komisario gazte etorri ziren, Bruselatik, Paris/Vienatik eta Estokolmotik. Manifestak hainbat nazioarteko eztabaida eta solasaldi hartu zituen lehenengo aldiz, eta 'Informazio Laborategi' akumulatibo bat (Manifestaren gaur egungo artxiboaren oinarri dena, eta handitzen jarraitzen duena) jarri zen abian; honek, Europako 30 herrialdetako joera artistikoei buruzko material inprimatua eta ikus-entzutekoa biltzen eta eguneratzen du -joera horietako asko arte garaikideko ohiko zirkuituetatik kanpo geratzen dira-. Manifesta 2-ren beste ezaugarri berritzaile bat, ondorengo edizioetan areagotu dena, antolakuntzan Europa osotik etorritako 30 gaztek parte hartu izana da, Manifestarako bereziki diseinatu zen trebatze egitarau baten bidez. Europako 43 herrialdek baino gehiagok parte hartu zuten, bai finantzabidean eta baita antolaketan ere, Luxenburgoko Manifesta 2-n, besteak beste, komisarioen eta artisten bidaietarako eta haiekin lotutako garraio edota jarduerentzako dirua emanez. Edizio hau nazioarteko bi sponsor nagusik babestu zuten, eta bertako 100 sponsorrek baino gehiagok. Erakusketako katalogoak, Europa guztiko 30 herrialdetako arte bisual garaikideentzako azpiegiturari buruzko informazio eguneratua ematen zuen.


Manifesta 3 Ljubljanan ospatu zen, 2000ko ekainaren 23tik irailaren 24ra. Bertan 60 bat artista eta artista eta urbanista talderen lanak zabaldu ziren, hiru egoitza nagusitan. Erakusketaren eta erakusketarekin lotutako jardueren lau komisarioak Amsterdam, Bratislava, Chicago/Turin and Vienatik joanak ziren. 10.000 lagun inguruk bisitatu zuten erakusketa, haien artean 1.500 kazetari akreditatu eta urrutiko arte munduko profesional asko eta asko. Edizio honetan, aurrenekoz, Manifestaren berri eman zen Ipar Ameriketan (New York Times, Village Voice), baina hori bezain garrantzitsua izan zen inguruko herrietako bisitarien proportzio handia, Europa ekialdetik eta hego-ekialdetik etorritakoena. Lehenengo aldiz, komisario taldeak erakusketarako gai bat ipintzea erabaki zuen -'Muga sindromea. Defentsa energiak'-, eta erakusketaren katalogorako (ordurako, bildumazaleek bilatzen zuten), esloveniar eta atzerritar intelektual askori ez ezik (filosofo, historialari, soziologo eta abarri), irakurlegoari oro har ere eskatu zizkioten lanak. Ljubljanan gertatutakoaren izaerak, partez, hiriko bizitza intelektual aberatsa islatu zuen, eta baita disziplinartekotasunaren indarra ere, bereziki, arte bisualen, zinemaren eta performancearen arteko gurutzaketa, eta haien eta komunikabide berrien arteko harremanak.

Manifesta 4 2002ko maiatzaren 25etik abuztuaren 25a arte egin zen, Frankfurt am Main-en. 75 artista eta artista talderen lanak aurkeztu ziren bertan, eta dozena bat teorialari ere jardun zen, lan garrantzitsua eginez, erakusketarekin lotutako lantegi, eztabaida eta programetan. Proiektu hau Kasselgo Documenta baino astebete lehenago zabaldu zen, maiatzaren 25ean, eta 15 lekutan eta zenbait gune alternatibotan zabaldu ziren erakusketako lanak, Frankfurteko hirian, 2002ko abuztuaren 25a arte. Hiru emakume izan ziren komisarioak, Bartzelona, Paris eta Sofiakoak. Gertaera honetarako, Manifestaren artxibo digital eta zabal bat osatu zuten, beren bidaia eta ikerketan oinarritua; horrez gain, 'Trespassing Space' izeneko liburutegia eta online proiektu bat ere sortu ziren, e-manifesta.org deritzana. Manifesta 4k 16 babesle eta irabazi asmorik gabeko erakunderen laguntza izan zuen, eta baita 40 tik gora arte erakunde nazionalen laguntza zuzena ere, artisten proiektu indibidualak sustatzeko. 23.000 bisitari joan ziren berariaz Frankfurtera Manifesta 4 erakusketa ikustera, eta kazetari akreditatu eta kritikari ugarik eman zuten erakusketaren berri.


Manifestak ekarritako hainbat ekimen, eta aurreneko lau edizioen ondorioak

1993 eta 2002 bitartean, 15 bat europar komisario gazte, jatorri kultural guztiz desberdinak zituztenak, gogor aritu ziren elkarlanean Manifestaren hurrenez hurreneko edizioetan, lankidetza modu berriak garatuz, beren sareak eta Manifestarenak zabalduz, erakusketaren enbaxadore moduan jardunez, eta nazioarteko arte zirkuituan txertatuz. 15 komisario horietatik gehienak, arte topaketa handietara gonbidatu dituzte gero, hala nola, Estanbulgo Biurtekora, Berlingo Biurtekora, Santa Feko Biurtekora, eta orobat Veneziako Biurtekoan kudeaketa lanak egitera edota Biurteko horretako sail indibidualetan komisario lanak egitera. Komisario horiek gehienak oso eginkizun garrantzitsua bete izan dute Europako arte erakundeetan, bai kudeatzaile gisa edo debate kritikoetan parte hartuz, bai gai teorikoen gainean idatziz, edo hainbat erakusketatan komisario lanak eginez.

Antzeko gauzak esan daitezke erakusketa hauetan, gaur egun arte, parte hartu duten 261 europar artista eta artista talderen ondorengo karreretan Manifestak izan duen eraginaz. Haietako askori, Manifestak lehen nazioarteko erakustaldia eskaini zien, eta orobat eman zien jatorri kultural guztiz desberdineko lagun artistekin eta komisarioekin, eta baita jakinminez betetako publiko gazte eta ondo informatu batekin, lankidetzan jarduteko lehen aukera. Manifestaren lau edizioetan parte hartu duten artisten %90 baino gehiagoren lanak azaldu dira nazioarteko egunkarietan eta arte aldizkarietan. Artista horien lana ikus daiteke halaber, Interneten bidez, katalogoen bidez eta Manifestak sustaturiko bestelako argitalpen eta sustapenerako materialen bitartez. Arte mundu profesionalean bideratzen dituen jarduera eta harreman ugarien bidez, Manifestak aukera berriak sor ditzake Europa osoko artista gazteentzat, puntu kritiko batean, hau da, beren karreren hasieran.

Manifestaren egoitza izateko hautagaitzak

Europa osoko -hitzaren zentzu geografikorik zabalenean- hiriak nahiz eskualdeak izan daitezke datozen urteetako Manifestaren edizioen egoitza izateko hautagaiak, eta Amsterdameko International Foundation Manifestaren bulegoarekin harremanetan jartzera gonbidatzen ditugu, secretariat@manifesta.org orrian, eskaera nola egin xehetasunez jakiteko.

Manifesta 6rako (2004-2006) hurrengo egoitzaren berri Donostiako Manifesta 5en inaugurazioko prentsaurrekoan emango da, 2004ko ekainaren 11n. Nolanahi ere, hilabete batzuetan, 2004. urtearen amaiera arte, zabalik dago Manifesta 7rako egoitza izateko hautagaitza aurkezteko aukera, 2006-2008 biurtekorako.

 

 

gora inprimatu bidali
beste laguntzaileak eskerrak kontaktua

 

MANIFESTA 5